Euskal sukaldaritza
20 06 2010Kezkati irakurri dut egunkarian bi filosoforen artikulua (Gara, maiatzaren 28an; Berria, ekainaren 6an), euskal identitatearen oinarriei buruzkoa. Nago ez ote duten errealitate soziala farmaziako kataplasma edo sukaldaritzako errezeta gisa irudikatzen. Formula egokia behar bezalako arduraz aplikatzen badugu, voilá!, horratx emaitza. Sukaldaritza soziala errezetarioa baino dezente konplexuagoa da, ordea.
Osagaiak eta gaiak nolanahi nahasten direla iruditu zait, dena batera irabiatuz: identitatea izan ala eraiki egiten den, historiak garrantzirik baduen edo hura gabe berdín-berdin gabiltzan… Giza zientzien edozein ikaslek dakienez, gizarteak entitate historikoak dira, eta horietan dena jarioa da. Aldatu egiten da. Eraiki. Alabaina, horrexegatik, hain zuzen ere, denbora historikoaren ikuspegitik soilik uler daitezke. Presentismo oro egileek arbuiatzen dituzten suposizio horiek bezain zentzugabea eta esentzialista da.
Izan ere, filosofo horiek diotenaren alderdi patetiko bat identitateen esentzialismoa edo historizismoaren izaera erreakzionarioa omen delakoa da, desberdinen bazterketa eragiten duelakoan… Non gabiltza? Zertara datoz bizantinismo horiek, baztertuak eta bazterrekoak gure herrian gu geu garenean? Barkamena eskatu behar al dugu sentitzeagatik, gure burua definitzeagatik, garena izateagatik…?
Bestea, historia. Merezi al du historiaz eztabaidatzeak prozesu identitario/nazionalitario batean? Jakina; ikusi besterik ez dago zein den gure ibilbide historikoaz gure menperatzaileek eman diguten bertsioa: arloteak, atzerakoiak, ezjakinak, baserritarrak, artzainak besterik ez… Ikusi besterik ez dago zeintzuk diren gure kaleen izenak, errege inperialez, general espainolez eta faxistez beteak… Ikusi besterik ez dago zein den telebistako erreportaietan, eskoletan eta unibertsitateetan ematen den historia.
Hortxe uste dut nik gure filosofoek ez dutela oso ondo ulertu naziotasunari dagokion eztabaida. Identitateak eta nazioak populazioak protagonista direnean, gizartearen etorkizunaren subjektu direnean esku hartzen duten prozesuak dira (eta hor nolabaiteko borondate kolektiboak funtzionatzen du). Baina “borondate” hori, horrela, kakotx artean, ditxosozko filosofoek zalantzan jartzen duten identitate hori bezain eztabaidagarria, ezdeusa, atzemanezina, “eraikitzen dena” da. Hau da, ez dago borondate esplizitu, kontziente, razionalik, baizik eta hor bateratzen den dinamika sozial bat. Eta dinamika horren osagaiak dira atxikimenduak, sentimenduak, interesak, egunerokotasunak, kidetasunak, oroitzapenak, iraganaren interpretazioak… Borondate deitzen diogun horrek baditu bere arrazoiak; batzuk ekonomikoak, politikoak, interesari dagozkionak; beste batzuk afektiboak, atxikimenduari, kide izateari dagozkionak; kulturalak, hizkuntzari dagozkionak, nolabait sumatzen den historiari dagozkionak. Gatazka sozialak berak aldaketak eta identitate berriak eragiten ditu. Frankismoak immigrazioaren sektore zabalak hurbildu zituen euskal kolektibitatera (nahiz eta ez partekatu ez hizkuntza, ez kultura eta ez historia). Hortaz, borondateari buruzko eztabaida ez da hala “den” ala “eraiki egiten den”; funtzionatu egiten du, eta ondorio sozial sakonak eragiten.
Berriketa horien arazoa formularen jarraibideetan galtzea da, sorgin-ikastunen antzera. Eztabaida antzua da filosofo horiek enuntziatzen dutena; izan ere, gure zapalkuntza-egoeran gu subjektu egiten gaituzten eta gure alde jokatzen duten balioak eta baliabideak gutxiesten dituzte. Ez dut uste munduan Estaturik dagoenik barne-kohesioa sortzeko kirol-selekzioek duten indarra mespretxatzen duenik (nahiz eta kirolak ez dituen borondate nazional delako horren alderdirik kontzienteenak lantzen, hain zuzen).
Zergatik uko egin historiari? Esan Toscanari uko egiteko bere Ernazimenduari, bere arteari, bere katedralei, bere etruskoei; esan Egiptori uko egiteko bere piramideei; ahaz ditzala Greziak ingelesek eta alemanek lapurtu zioten aberastasun guztiak…
Historia artea da, ondarea, identitatea, harrotasuna, kultura, turismoa. Aberastasuna da. Informazioa da, ezagutza. Gaurko arazo askoren sorburua. Memoria da, jendearentzako presentzia ikusezina, aintzakotzat hartua izateko iturburua. Baita autoestimurako euskarria ere… Ez luzatzeko, hara zer dioen Mirak: “gure buruaz esan dezakegun lehenengo egia, eta egia bakarra beharbada, denboran irauten dugulako existitzen garela da, eta gure denbora memoria da, ez unean uneko pentsamendua”.
Bestalde, inork ez du pentsatu, Olariagak dioen moduan, historia eskubideen iturburua denik. Eskubideen benetako iturburu bakarra Estatuen ordenamendua da, horiek baitira haiek aitortzen, babesten eta bermatzen dituztenak. Zoritxarrez, euskaldunok ez daukagu Estatu propiorik. Gainerakoa, berriketak eta bizantinismoak dira.






