Kanoiak armarriak
27 03 2010Antzuola bere udal-armarriaren sinboloen inguruko eztabaida irekia izaten ari da egun hauetan. Duela mendeak, Bergaratik banandu zenean, Antzuolak Gipuzkoatik hartu zuen armarria, eta hartan, historiaren egoerak direla eta, Belateko batailako kanoiak ageri ziren ikur nabarmen gisa. Gaztelako erreginak, Joana Eroak, 1513an emanak ziren.
36ko gerra bitartean, Jose Antonio Agirrek kanoi hauek kentzeko erabakia hartu zuen, 1512ko Nafarroaren independentziaren galerari erreferentzia egiten baitzioten, alegia, euskal porrot bat eta kanpoko menperatze bat. Eta Trantsizioan (1979) Gipuzkoako Batzar Nagusiek ezabatze hau behin betikoa egin zuten. Gaur Gipuzkoak hiru haginen irudia erabili du itsaso baten gainean.
Inertziaz, eta esanahiaren gaineko ezjakintasunaz, seguru asko, Antzuolako armarria antzinako modu hartan ailegatu da gugana, nafar armadari kendutako kanoien presentziarekin, gaztelar erreginak eman zion ohorearekin. Jakina, nafar ikuspegitik pozoitutako ohorea. Sari haren helburua argia da. Gaztelak Gipuzkoa konkistatu bazuen 1200. urtean, eta Nafarroatik bereizi (bere jatorrizko estatutik banandu), 1512ko bi lurraldeen gaineko inbasioarekin, hizkuntz bereko eta kultura bereko gizataldea elkartu zen berriz, nahiz eta aginte arrotz beraren (etsaiaren?) menpe izan. Ohorea emate hura amarrua zen gipuzkoarren Belateko parte-hartzea iseka mailan uzteko. Iraina zen. Eta non eta Gipuzkoako ikur nagusienean. Laido hori begi-bistan, Gaztelak herrialde senideen artean zatiketa eta gorrotoa sustatu zezakeen.
Eztabaida orain Antzuolan ebazten ari da, nahiz eta txikiagoa eta garrantzi praktiko askorik gabekoa dirudien, hausnarketa sakon batera garamatza. Orain dela egun batzuk, BERRIAri emandako elkarrizketa batean, Floren Aoiz historialariak esan zuen armarri honek gure herriaren memoria historikoaren gabezia erakusten duela. Eta egia dio.
Egiazko adibide batek kontu honen garrantzia ulertzen lagundu diezaguke. 40 urtez ospatu dugu uztailaren 18a, Francoren Nazio Altxamenduaren data. Frankismoan hazi ginenentzat, festa nagusia zen, desfileak, diskurtsoak, lanik gabeko eguna eta aparteko ordainsaria. Baina Franco hil zenean Trantsizio famatua hasi zen, eta uztailaren 18ko jaia desagertu zen. Ospatzeari utzi genion; onez onean. Zergatik? Erraza da. Onartezina zelako, eta memoria historikoa bazelako.
Zergatik hartzen dira kontuan memoria tokiak espainiar antolakuntza sinbolikoan eta ez euskal gizartearentzat? Erantzuna, lehenbizi, historiaren beraren gaineko ezjakintasuna da. Baina baita gutxiagotasun-konplexu larri batengatik ere. Honek autoestimazio falta erakusten du, eratzen gaituenarenganako mespretxua; gureak gutxiago balioko balu bezala, gizartearen soziabilitaterako gurea pisu gutxiagoko memoria balitz bezala.
Dena dela, bada bigarren eztabaida bat gogoeta honen azpian dena, eta, Antzuolako kanoien bitartez guztiok hartzen gaituena. Gai hauek planteatzen direnean kapitulu urrunez ari garela esan liteke, galduak historian, joandako ura, nostalgia. Alabaina, uztailaren 18ko jaia desagerraraztea ez zen 1936an izan, 1976an baizik. Ez zen iraganeko agendako gaia, oraineko debatea baino, gaurkotasun handikoa.
Nola eraikiko zuten, bada, Trantsizioaren aldamioak -Konstituzioa, alderdien sistema, integrazioa Europan…- zume horiekin? Nola aurkeztuko zuten Estatu berria -demokratiko eta moderno izateko asmoarekin- oztopo sinboliko hori nortasun ikur izanik? Nola eskatu gizarteari legalitatearekiko errespetua estatu kolpea goresten duen festa batekin? Nola lortu gizarte kohesioa gerra hasi zuen data bat goraipatuz? Nola hartu legezkotzat erakunde berriak legitimotasun ezaren zutoihal horrekin?…
Ikusten denez memoria eztabaida oinarrizkoa da, gaurkotasunezkoa. Memoria historikoa gizarte batek bere buruari egiten dion begirada da. Hala ere, arazoa da guk ez dugula gure gizarteaz oldozten. Beste batzuek egiten dute gure partez. Eta horrela onartzen badugu, halakoa izango da gure etorkizuna.
Categorias : castellano






